jueves, 2 de enero de 2014

Ipuinak

Unibertsitatean asko landu dugun gauza bat ipuinak dira; hauek nola aztertu, nola kontatu, zein balio helarazten duten, nola sortu ipuin bat...

Orain arte hiru ipuin sortu ditugu, guztiz ezberdinak izan direnak. Baina zer dira zehatz-mehatz ipuinak?

Ipuinak kontakizunak dira, familian, eskolan edo gizartean, belaunaldiz belaunaldi mezuak zabaltzen joan diren kontakizunak, hain zuzen. Istorio hauek, helburu hezitzailea daukate, ez dira neutroak inondik inora, eta bertan, hainbat balore transmititzen dira.

Zergatik dira garrantzitsuak ipuinak Haur Hezkuntzan? Zer aztertu behar dugu irakasleok?

Haurrak heztea nahiko zaila da, berehala aspertzen direlako eta arreta oso erraz galtzen dutelako. Beraz, irakasleok haien interesa pizten dituzten baliabideak bilatu behar ditugu eta ipuinak baliabide aproposak dira horretarako. Gainera, umeen errealitatera hurbiltzeko tresna egokiak dira.

Ipuinak erabiltzea haurraren hizkuntza aberasteko aukera paregabea da. Ipuinaren aurrean haurrak begiak nola ireki, arreta jarri, entzumena zorroztu eta guzti honen aurrean bere gogoa nola estimulatzen den ikus genezake, ipuinaren menpe jartzen baita. Beraz, hauen gustuak pixkanaka nolakoak diren ezagutzen joan gaitezke.

Bestetik, ipuinekin zenbait balio helarazi ditzakegu, hala nola, elkartasuna, laguntasuna, genero berdintasuna, iraunkorrak izatea etab. Horregatik, ipuin bat sortzerako momentuan zer transmititu nahi dugun pentsatu behar dugu eta gero ipuinari ekin ahal diogu.

Ipuin bat aukeratzen badugu aldiz, lehenengo eta behin ipuin horrek zer transmititzen duen ikusi behar dugu. Bestetik, ipuinaren egitura eta hiztegia aztertu behar ditugu, askotan euskarazko ipuin askok hiztegi zaila edota egitura txarra dutelako. Hau da, ez daude umeentzat guztiz zuzenduta, egunerokotasuna kontuan hartzen ez dutelako. Beraz, ipuin errazak erabili behar ditugu, ez oso luzeak umeak ez aspertzeko.

Amaitzeko, ipuina kontatzerako momentuan umeen arreta deitzeko zenbait baliabide daudela esan beharra dago. Honen adibide ahots ezberdinak erabiltzea, eskuekin irudikatzea eta aurpegiaren keinuak aldatzea daukagu. Baliabide hauek haurra erakartzeaz aparte, hauen partaidetza sustatzen dute, ipuinaren parte sentitzen diren bitartean.
Beraz, beti bezala, anima zaitezte hauek erabiltzera!!

=)


No hay comentarios:

Publicar un comentario